Pyrenaica 295 (2024)
Txokoa
Pyrenaica 295
ZIKLOALPINISMOA BOLIVIAN
2024
Editorial
Mujika “Smithy”, Xabi
Futbolaren argota erabiliz, “primerako” eta “segundako” pertsonak mugitzen gara mendian gora eta behera. “Primerakoak” mendizaleak gara; “segundakoak” igandezaleak dira. Gara eta dira; dira eta gara. Mendizaletasunaren ondare eta balioen legezko oinordekoak gara mendizaleok; igandezaleak, masifikazioaren eta, masifikazioarekin batera, zarataren, kutsaduraren, mendi-istripuen eta hirietako balio berekoiak ekartzearen erantzuleak dira. Gara eta dira; dira eta gara. Mendizaleok askatasunaren, errealizazioaren eta naturarekiko elkarbizitzaren bila goaz mendira; igandezaleek beste igandezale batzuek sare sozialetara igo dituzten argazkien bila doaz bakarrik. Goaz eta doaz: doaz eta goaz.
Baina bada mendian dabilen hirugarren motako pertsona bat ere bai: primerako (komatxorik gabe) mendizalea. Primerako (komatxorik gabe) mendizalea mendira hurbiltzen den bakoitzean bertan topatzen dituen beste mendizaleei mendizaletasunaren balioak azaltzeko ardura hartzen du, pazientziaz, kritikatu gabe, epaitu gabe, irribarre batekin, “primerakoak” edo “segundakoak” diren ezberdindu gabe. Baina ez balioak bakarrik. Ardura pertsonaltzat ere hartu du mendietako biztanleak zeintzuk diren azaltzea, mendizaletasunaren historia, hizkuntza, geologia, biologia, mitologia, ohiturak, zaborren jasotzea, segurtasun neurriak, baita toponimia ere; ditxosozko toponimia, “primerako” mendizaleon arteko eztabaida-iturrietako bat.
Primerako (komatxorik gabe) mendizaleen ezagutza-iturrietako bat Pyrenaica aldizkaria da. Ia ehun urte betetzear dituen aldizkari honek primerako (komatxorik gabe) mendizaleek zabaltzen dituzten balio eta ezagutza berberak zabaltzen ditu: mendizaletasunaren balioak eta historia, hizkuntza, geologia, biologia, segurtasuna, mitologia, ohiturak eta ditxosozko toponimia. Horren isla eskuetan duzuen azkeneko aldizkari hau, non bertako mendietan, Pirinioetan nahiz Alpeetan euskaraz zein gazteleraz ibiliko gara. Zikloalpinismoaren eskutik mendizaletasun jasangarriago bat nola egin daitekeen ikasiko dugu eta gure mendizaletasunaren historiak ere bere txokoa izango du. Primerako (komatxorik gabe) mendizaleen eta Pyrenaica aldizkariaren ezaugarririk nagusiena eskuzabaltasuna da. Eta mundu berekoi batean eskuzabaltasuna da egin daitekeen ekimenik iraultzailenetakoa.