Pyrenaica 296 (2024)
Txokoa
Pyrenaica 296
EL MAELSTRÖM VASCO
2024
Editoriala
Jauregui Ezquibela, Iñigo
Askotan galdetu diot neure buruari zerk bultzatu gaituen, nitaz gain beste batzuk ere, gure bizitzaren zati handi bat mendiak igotzen ematera. Jarduera horri eskaini diogun denbora batuz gero, ziur aski ohartuko ginateke ehunka egun izan direla, hamarnaka aste eta, baliteke, urte bat edo beste ere izatea. Bada zerbait, itxuraz garrantzi handiagoa duten beste zeregin batzuetan ematen dugun denbora baino gehiago.
Zaletasun horren arduraduna, zalantzarik gabe, nire aita izan zen. Hala ere, haren laguntza eta konpainia ez zen nerabezarotik haratago izan. Garai haietatik aurrera, bakarrik nabigatzen hasi nintzen, irteerak planifikatuz eta nire kabuz moldatzen saiatuz, hazia sustraiak botatzen eta handitzen hasia baitzen, egun dena hezurmamitu arte. Gaur egun, oraindik, galdu ez dudan zaletasunaren arrazoiari buruz galdetzen diot neure buruari, bost hamarkaden ostean oraindik irauten duen sua piztu zuen grinaz.
Gezurra esango nuke arrazoia badakidala esango banu. Iruditzen zait bakoitzak geure motibazioak ditugula, eta horiek urtez urte aldatzen doazela, gure gogo-aldarteen edo aurre egin beharreko gertaeren arabera. Esan dezakedana da mendiarekiko grina horrek hainbat emozio eta ikasketa eskaini dizkidala, harridura, berotasuna, askatasuna eta edertasuna bizi ahal izatea, edota mundua osatzen dugun izaki guztion arteko loturaz jabetzea, esaterako.
Sentimendu horiek ez ziren arrotzak Angel Rosen zendu berriarentzat, Everestera egindako lehenengo bi euskal espedizioetako (1974, 1980) kidearentzat, eta ezta Euskal Herriko kostaldean dugun maelström bakarraren aurkitzaile den Josu Granjarentzat ere, edota Pyrenaicako zenbaki honetan parte hartu duten beste zenbait kolaboratzaileentzat ere. Izan ere, maite dugunontzat, mendia magiaz beterik eta beti eskura izan dugun lekua da, eta hala izaten jarraituko du.