Pyrenaica 280 (2020)
Txokoa
Pyrenaica 280
Tresmiles de los Pirineos
2020
Editorial
Alonso Cires, Luisa
Udaberrian aurre egin behar izan genuen konfinamenduak guretzat benetan garrantzitsua denari buruzko hainbat irakaspen edo lekzio utzi dizkigu, balio handiegia eman izan diogunari buruz zein oharkabean utzi izan dugunari buruz.
Etxean hainbeste egun egon ondoren, gure mendietaz zenbat oroitu garen eta etxetik gertu ingurune naturala izateak duen garrantziaz jabetu gara. Era berean, egiten dugun kalteaz ere konturatu gara. Ehun egunez konfinaturik egon ginen, eta ez du asko ematen baina gure planetak nabaritu egin zuen: kutsadura ikaragarri jeitsi zen, basoak eta mendiak inongo mugarik gabe loratu ziren, animaliak aske mugitu ziren. Gizakiaren presiorik gabe, erasorik gabe, naturak irabazi egiten du.
Beraz, gure mendizaletasunera bueltatuz, guzti hau ezin dugu ahantzi, ez eta oraindik covid-19a gure artean dagoela ere. Lehenbizi, norbanakoaren jarrerak garrantzi handia izaten jarraitzen du, egiten dugunak guztiongan baitu eragina eta jada badakizkigu arrisku gehien duten pertsonengan izan ditzakeen ondorioak. Azken finean, irteerak ongi planifikatzea, leku eta ibilbide jendetsuak saihestea, aterpeetako arauak errespetatzea, dena zegoen bezala uztea eta mendia zaindurik eta guztiok gozatzeko moduan uztea da kontua. Osasuna eta jasangarritasuna elkar loturik daude eta ez dira erronka berriak, berriro hausnarketa bat egin eta sekula ez bezala zaintzea komeni da.
Erronka zaharrei buruz ari garenez, ale honetan egun oraindik bere horretan eta oso eguneratua jarraitzen duen bati eman diogu lehentasuna: pirinioetako hirumilakoak. Zailtasun eta maila guztietarako gailurrak aurki ditzakegu, eta zerrenda hau ahal den denbora gutxienean gauzatzea egitasmo polita izan daiteke bere burua frogatu nahi dutenentzat. Gertuago ere gera gintezke eta Nafarroako Erreinuaren historia berrikusi dezakegu Gaztelako Erreinua babestu zuten gazteluei jarraiki, berauen bilaketak talaia eta tontor ezezagun bezain zoragarriak ezagutzea baimenduko digu, eta egungo egoeran eragina izan duten hainbat erabaki hartu ziren eszenatokietan kokatuko gaitu.
Urrutikoak diruditen mendiek denbora batez zain izango ditugun arren, beraiei buruz idazten darraigu, ditugun oroitzapenez gozatzeko asmoz, irteerak prestatzeko, gure mugetatik haratago dagoena ezagutzeko. Bertan daude eta gure zain daude.
Euskal alpinismoaren aitzindari bat agurtu nahi dugu, Angel Landa hain zuzen. Bere jantzi, arropa eta material tekniko propioa egiten zuen horietakoa, garai haietan ezer ez baitzegoen, Alpeetara motorrez joaten ziren horietakoa, hainbeste miresten zuen Bonattik eginiko bideak errepikatzeko asmoz. Gure historiako protagonista paregabea, ahaztua ez izatea merezi duena.