Pyrenaica 285 (2021)
Txokoa
Pyrenaica 285
Matterhorn
2021
Editorial
Alonso Cires, Luisa
Pandemiatik irtetzen ari garen honetan 2020ko martxoaren aurretik ohi genuen mendi jarduerak egitera berrekiten ari gara. Ohiz kanpoko garai gogorrak izan dira, non zoritxarreko egoera honek geure indarguneak zein diren eta mendiek gure ongizate fisiko eta emozionalean duten garrantziaz jabetzen erakutsi baitigu.
Mendiaz gain, Euskal Mendizaletasunaren Gala ere berreskuratu dugu, otsailean ospatu ohi zena. Aurten, osasun murrizketek beharturik udazkenean ospatu da. Euskal Mendizale Federazioak eta Ordiziako Mendizaleak taldeak antolaturik, mendi kirolen, mendizaletasunaren kudeaketa eta Pyrenaica aldizkariaren sariak banatu dituzte. Hunkigarria da urtea joan eta urtea etorri hainbeste merezimendu biltzea, eta belaunaldi berriengan aurrekoengandik jasotako balioek dirautela egiaztatzea.
Pandemiak zerbait ona ekarri badigu, mendizaletasunetik, etxean bertan esploratzeko paradisuak ditugula jabetzea da. Gure asmoek askotan baztertu egiten zituzten ibilbide eta mendi hauek, izen handiko jardueren ohiko zerrendetan errekonozimendurik ez zutelako. Birus bat iritsi zen eta hurbilekoa bikaina dela ikasi dugu. Euskal Herriko mendietan ezkututaturik ditugun altxorrak ezagutzeko helburu xumearekin jarraitzen dugu. Ale honetan, hurrengo hilabetetan emango diren neguko baldintzak aprobetxatzea proposatzen dugu, Belaguako gailurrak zeharkatzeko, eta Maeztu, Aizkorri eta Aralar inguruko ibilbide klasikoetara itzultzeko, natura neguko lozorroan ikusteko, haize hotzak gure emozioak azalaratzen dituen bitartean.
Gregorio Arizek Deabruaren Gailurrean izandako istorioa kontatzen digu. A ze garaiak! Nafarrak mendi gandorretako hormetara tronboia eta tronpeta joz igotzen zirenean. Sormenezko artisau-eskalada, erabiltzen zituzten materialak bezala, irudimenez eta lanbidez diseinatuak. Mari Abrego, Pili Ganuza, José Ignacio Ariz, Iñaki Tapia, Victorino Echauri, gure mendietako historian ageri diren meritu handiko izenak.
Oztopo eta une gogor asko ekarri dizkigun urtea amaitu dugu. Ez dezagun ahaztu zer gertatu den, zaindu ditzagun mendi guztiak eta, bereziki, gertukoak estimatu ditzagun