Pyrenaica 282 (2021)
Txokoa
Pyrenaica 282
Pico del Fraile
2021
Editoriala
Alonso Cires, Luisa
1924ko martxoaren 16a da, Angel Sopeña Tertangako zirkura gerturatu eta Frailea haitza deituriko monolitoa belarditik banatzen den mugara bideratu da. Bakarrik doa, mailu bat, iltze batzuk eta berak egindako altzairuzko pikatxoi bat daramatza. Ez daki haitzean zehar aurrera egiteko nola moldatuko den, duen prestakuntza guztia urrutiko paretei buruzko irakurketetan oinarritzen da baina inguru eta mendi hauetan ez du inork eskalatu, eta ondorioz inprobisaziora jotzen du: harri solteak kendu, iltze batzuk ezarri eta ortozik aurrera egiten saiatzen da, errazago jarraitzeko asmoz. Modu honetan, euskarri eta sostenguak baliatuz, gailurrera eramango duen ibilbidea zabaltzea lortu eta bertan txartel bat eta ohar bat utzi ditu. Euskal Herriko mendietan erregistraturiko lehenengo eskalada burutu berri du.
Ia ehun urte geroago, ale honetako azala hogeiko hamarkadan hasiberri zen euskal eskaladaren erreferentziari eskaini diogu. Iragana ezagutuz ohartu baikaitezke zergatik gurea bezalako lurralde txiki batetako mendi xumeetan hazi ziren Josune Bereziartu, Iker Pou, Rikar Otegi, Patxi Arocena, Leire Agirre, Patxi Usobiaga…
Xabi Mujika Frailea haitzara bueltatu da eta Sopeñak bizitako abentura gogora ekarri duela baliatu dugu nondik gatozen oroitu arazteko. Honetaz gain, egungo euskal eskaladaren protagonisten azterketarekin jarraitzeko, Ekaitz Maizen jardunaren oinarri diren motibazio eta sentsazioetan sakondu dugu. Teknika eta materiala aldatuz joan da, ezinezkoak ziruditen jarduera-mailak lortu dira, baina haitzezko hormek erronka berriak proposatzen jarraitzen dute.
Hain bertikalak ez diren maldetan edo bidezidor mailan mugitzen garenontzako, gertuko mendi inguruetan aurki ditzakegun ibilbide zirkularrak proposatu ditugu. Urrunagoko beste zeharkaldi eta mendi batzuk ere gainbegiratu ditugu, bidaia luzeagoak antolatu ahal izango diren garaietarako. Mundu guztian zehar mugikortasun murrizketekin darraigu, pandemiaren abiaduraren menpe, gure inguruneak eskaintzen dizkigun aukera amaigabeak baliatu behar ditugu indarra berreskuratu eta egonezina indargetzeko.
Etxean nahi baina denbora gehiago egotea egokitu zaigun garai hauetan, euskal mendizaletasunaren aitzindarien historia irakurtzea aholkatzen dizuegu. Frailea haitzara buruturiko lehenengo eskaladatik hamabi urtera bakarrik egin behar izan zioten aurre egungoa baino erronka samingarriago eta ankerragoari, gerrari hain zuzen. Eta mendiak miresturiko helburu izatetik, sufrimendu, oinaze, biziarekiko borroka eta hainbat ahalegin heroikoren agertoki bilakatzera igaro ziren.