EMF logoa

Pyrenaica 273 (2018)

mendia ikonoaTatxamendien
Txokoa
Pyrenaica revista

Pyrenaica 273

Nafarroa Beherea

2018

Editoriala

Alonso Cires, Luisa

Esku artean daukagu Pyrenaica aldizkariaren ale berri bat, eta aldizkaria argitaratu dadin lanean dihardugunok harrituta gaude, beste behin ere miraria gertatu delako: mendian iharduerak egin ohi dituen lagun talde batek denbora eskaini dio iharduera horien gainean idazteari, bizi izandako zirrarak hobekien isladatzen dituzten argazkiak aukeratuz eta testu zein irudiak aldizkarira bidaliz.

Pyrenaica aldizkariak mende bateko historia dauka dagoeneko, eta ibilbide hori osatu badu, ehunka lagunek musutruk egindako borondatezko lanari esker izan da. Ordainsaririk gabeko lan egiteko modu berezia da gurea, mendizaleon komunitatea osatzen dugun guztion zerbitzura dagoena, mendizaletasuna gure herrialdean hedatu dadin. Elkarlanean oinarritzen den lan egiteko modu hau antzekoa da, bestalde, kluben eta federazioen kudeaketa bideratzerako orduan. Horrela, elkarlana bilakatu da, azkenean, euskal mendizaletasunaren ezaugarri ezagunenetako bat.

EMF-ren esparru ezberdinetan modu honetan lan egiten dugunok ederki dakigu guztia ondo joan dadin konpromisoak etenik gabekoa behar duela izan: ezin dira denbora edo motibazio eza bezalako aitzakiak jarri, eta debekaturik dago alperkeriaren atzaparretan erortzea. Azken batean, balore ezagunetan oinarrituriko lan egiteko modu batez ari gara: konstantzia, etengabe trabak gainditzea, taldelana, erronka berrien bilaketa...

Honakoa da galdera: lan egiteko fi losofi a honek ba al du etorkizunik? Gure federazioko gazteek bat egiten al dute fi - losofi a honekin, eta prest al daude lekukoa hartzeko? Izan ere, lan egiteko modu honen arrakastaren gakoa lan taldea etengabe berritzen joatea da, kateak aurrera jarraituko badu.

2014an, EMF-ren Batzar Orokorrean Pyrenaica aldizkariaren egungo ereduaren jarraipena eztabaidatu zen, eta aldizkaria gaur egun ezagutzen dugun moduan mantentzeko hautuak jaso zuen gehiengoaren sostengua. Zuzendaritzak eta erredakzio taldeak batzar hartan harturiko erabakia bete dadin lan egiteko erantzunkizuna daukate eta baita etorkizunean lanean arituko direnei erreleboa pasatzeko erantzunkizuna ere. 

Orain dela 8 urte, Pyrenaica aldizkarian emakumezkoen partehartzea handitzeko plan bat jarri zen abian, EMF-ren ia %30a suposatzen duen multzo horren jarduna agerian jarri asmoz. Ordutik, ale guztietan dago emakumezkoen presentzia. Erronka berri bat daukagu orain esku artean: gazteen presentzia handitzea.

Euren ihardueren berri izaten saiatzen ari gara, sare sozialetan jarraipena eginez, euren webgune eta blogak ikuskatuz eta argazkiak eta komentarioak Facebook bidez partekatuz. Horrela, mendiko euren esperientzien berri ematea atsegin duten gazte horiengana jotzea da gure xedea, aldizkariaren ateak zabalik dauzkatela jakinarazteko. Ez dugu urteen joanak ematen duen esperientzia albo batera utzi nahi, baina gure federazioan dagoen gazte kopuru handi hori modu egokiagoan ordezkaturik egon dadin bilatzen dugu. Beraien zirrara eta motibazioak ezagutzea ezinbestekoa zaigu, azken fi nean beraien eskuetan egongo baitira etorkizun hurbilean ez Pyrenaica aldizkaria bakarrik, baita euskal mendizaletasuna ere.

Aldizkaria ikusi
Aldizkaria jaitsi Eskatu

Aurkibidea

Babesleak

Laguntzaileak

Euskal Herriko Mendizale Federazioa logoa
Euskal Mendizale Federazioa
Arabako Mendizale Federazioa logoa
Arabako Mendizaleen Federazioa
Federación Vizcaína de Montaña logoa
Bizkaiko Mendizale Federazioa
Federación Guipuzcoana de Montaña logoa
Gipuzkoako Mendizale Federazioa
Federación Navarra de Deportes de Montaña y Escalada logoa
Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundea