Pyrenaica 271 (2018)
Txokoa
Pyrenaica 271
Bizkaia
2018
Editoriala
Vívar, Víctor
Inor ez da kirol batean ikasia jaiotzen, ahalmen eta desio pertsonalari urte luzeko esperientzia gehitu behar zaio. Horrela gertatu izan da bizkaitar mendizaleekin, nekaezinik, joan den mendearen lehen urteetan, Pagasarri, Gorbeia, Ganekogorta eta beste hainbat mendietara igo eta antolatzen hasi zirenetik. Hain zuzen ere, 1914an Ganekogortako tontorrean eman zioten hasiera Mendien Lehiaketari. Club Deportivo Bilbaoren formula original honek balio izan zuen jendea suspertzeko, bere magia gaur egungo Ehun Mendien Lehiaketara luzatuz.
Gerora, Bizkaiko mendizaletasunaren bilakaerari asko lagundu zioten Espinosa bezalako esploratzaileek, edo Bilbao Alpinok 1943an “Cinturón de montañas de Bilbao”-ren (1927) lehen aldiak, edo Antonio Ferrer-en “Nuestras Montañas” (1927) eta “Crestas del Duranguesado” (1943) liburu mitikoek. Era berean, eskiko lehen txapelketak, edo Muñozgureneko batzarrak, edo Pico del Fraile-ra eginiko lehen eskaladek ere lagundu zuten.
Denbora pasa ahala ekintza ausartagoak burutzen hasi ziren: Salbamendu Taldea sortu, Andetara espedizioak, Mendiko Medikuntzaren bilerak, Bidezidorretako Teknikarien formakuntza, edo era guztietako bideetan egindako lehen igoerak.
BMF-FVM (lehen delegazioa) mendian burutu daitezkeen modalitate desberdinetan kirolarien zerbitzura dago 1985etik, jarduera desberdinetan gure mendizaleak koordinatuz, akuilatuz eta formatuz.
Apustu sendoa egin dugu formazioan eta bide batez kluben artean eta federazioarekin lankidetza bultzatu nahi dugu, komunean ditugun helburuak lortzeak emango digun indarra eta sinesgarritasuna bilatuz; mendizaleen artean eta Euskal Herriko beste lurraldeekin batera.
Gure eguneroko ahalegina kluben artean komunikazioa eta batasuna lortzeko egitura sendo bat artikulatzea da, gure teknikoen formazioan konpromisoa hartu eta Eskola Kirola eta Bizkaiko Goi-mendi Eskolaren bidez modalitate desberdinetan ikastaroak eskainiz.
Oso esanguratsua da gazteekin burututako jardueren promozioa (udalekuak, orientazioa, Eskalada Liga…), ahaztu gabe gure lurraldean xendazaletasuna sustatzeko antolatu dugun Liga, bakarka zein familian bidezidor homolagatuetan zehar ibiliz Bizkaiko altxor naturalak ezagutzeko aukera paregabea delarik.
Aurrez esandako guztia elkarlanean, auzolanean lor daiteke, baliabideak eskuratzeko erakunde pribatu zein publikoekin ezinbestekoak diren akordioak bilatuz.