Pyrenaica 270 (2018)
Txokoa
Pyrenaica 270
Rolwaling Himal
2018
Editorial
Alonso, José Ramón
Sarritan entzun ohi dugu ondorengo esaldia: “betiko aurpegi berberak, ez dago jende berria erakartzeko modurik”. Kasu batzuetan 30 urtetan zuzendaritza batzorde berbera daukaten klubak, beste proiektu batzuetan jardun nahiko luketen ekimenen arduradunak ordezkorik aurkitu ezinda, eta berritzen ez den oinarri sozial zaharkitua. Hori guztia, ondorengo galderari lotuta: zertarako balio du federatzeak, aseguru bat kontratatzetik haratago?
Salbuespen batzuk gorabehera, ekintza egutegi askotan ez dira klubeko txikienentzat ekintzak antolatzen (kide txikirik ez dagoenez!); beste zenbait egutegitan bada halako ekintzarik baina partehartzea urria da, nahiago baitute txikienek euren gurasoekin joan, eta horrelakoak antolatzeko ilusioa zapuzten zaigu.
Ekaina iritsi eta eskola ikasturtea bukatzearekin batera denbora libre dexente izan ohi dute gaztetxoek, igerilekua, mugikorra, bideokontsola… Bestelako zereginik gabe jolasean pasa ditzakete orduak eta orduak, irakaslea jasan beharrik gabe. Azkenerako, ordea, opor egunak luze eta aspergarriak bilakatzen dira, planak beti berberak izaten baitira eguna joan eta eguna etorri.
Asperdura ekiditeko helburuarekin, uda gozagarriagoa bilaka dakien abenturak eta aire zabalean egiteko kirolak planteatzea da gure xedea. Argi dago euren familiekin ere era horretako ekintzak egin ditzaketela, baina klubetako edo federazioko arduradun garen aldetik, gure betebeharra da naturarekiko maitasuna eta zaletasuna bultzatzea, eta eskaintzen dituen aukera anitzak ikusaraztea, betiere errespetuz eta taldean jokatuz. Helduko zaie lehiatzeko garaia, beste inork egin ez duena egiten saiatuko diren eguna, denborarik laburrenean, eta internet bidez egindako balentriari zabalkundea emateko parada. Gure aldetik, beste maila batean goza dezaten baliabideak eskaintzea da orain helburua, eta etorkizunean, oinarri horrekin eta euren familiek eman diezaieketenarekin, erabakiko dute eurek nola probestu.
Orientazioko oinarrizko ezagutza, segurtasuna, kaskoa-soka-arnesa erabiltzen jakitea… hori guztia motibazioa sustatzeko helburuarekin. Egungo arduradunek mendiarekiko sentitzen duguna transmititzeko oinarriak ezarriko ditugu, eta horrela, urte batzuk barru, eurak izango dira gure ekintzak diseinatu eta jarraitu beharreko norabidea ezarriko dutenak.
Hausnarketarako datua: 2017 urtean marka berria ezarri da lizentziei dagokienez. Portzentaietan, ordea, helduen igoera %1 baino gutxiago den bitartean infantiletan %15ekoa da (beste gauza bat dira kopuru totalak, bistan da). Eman diezazkiegun helduongan jarritako ilusioa mantentzeko arrazoiak.