Pyrenaica 233 (2008)
Txokoa
Pyrenaica 233
Escaladas selectas en cuatro zonas de Gredos
2008
Editorial
Uriarte, Luis Ignacio Domingo (Txomin)
KOMENI da noizean behin mugitzen garen mundu honetako balioak birpasatzea. Lehiaketetan ez bezala, mendizaletasunak ez dauka oinarrian bere praktika arautzen duen lege formalik. Ezin da debekurik edo pertsekuziorik ezarri. Badaude, ordea, printzipio batzuk, mendizaleen kolektiboak onartzen dituen portaera-arau batzuk, maiz inplizitoak direnak. 2002an UIAAk hitzarturiko Tiroleko Adierazpenean eman ziren aditzera eta guztiz indarrean ditugu.
Alpinismo batzordeari “mendia egiteko estiba" izeneko 8. araua birpasatzeko eskatu zaio, adierazpen ausart batez hasten baitzen: "Esperientziaren kalitateak eta arazoak gainditzeko moduak garrantzi handiagoa dute gainditzeak berak baino. " Baita azkeneko puntuan sakontzeko ere, bertan soka finkoak, botilaturiko oxigenoa eta errendimendua hobetzeko onarturik ez dauden drogen erabilera gaitzesten baitzen.
Himalayan zabalik dugu oxigenoa erabiltzearen balioaren gaineko eztabaida. Estilo onak, onenak edo idealak, oxigenoa sendatzeerabilerarako uztea ekartzen du. Antzeko zerbait gertatzen da drogekin. Espedizioetan ez da dopaiaren kontrako UlAAren araurik aplikatzen, baina gaitzetsi egiten da erreferentziazko zerrendan ageri diren drogak non edo han erabiltzea, alpinisten osasuna jagon edo errekuperatzeko helburu terapeutikoekin ez bada.
Eta halako laguntzak behar dituztenek zer egin dezakete? Jende guztiak dauka bizitzaz osotasunean gozatzeko eskubidea, alpinismoan jardutea barne. Dagoneneko Everestera lagunduta igo dute, adibidez, zenbait itsuk edo zangorik gabeko pertsonek. FEMADek, Fundación Española de Montañismo y Deporte Adaptado delakoak, honako egitasmo hau iragartzen du: "7 Gailur 7 Sumendi guztiek eta guztientzat", ahalmen fisiko urrikoak ere munduko lekurik garaienetara heltzea ahalbidetuko duena. Zail da mugak non dauden ezartzea, baina hau beste kontu bat da eta gauzak nahasteak ez du balio.
Badago alpinismoa egiteko era garbi bat, eredu bilakatu eta aintzakotzat hartu beharrekoa. Hazten ari den etengabeko tentaldia dago, ordea, komunikabideek informazioa manipulatu, gertaeren neurria aldatu eta iritzi publikoa nahasteko, azken honek beti jotzen baitu sinplifikazioetara. Askotan ez da gezurretan aritze hutsa, baina bai oinarrizko gaiak argitu ezik, balore haiek betetzen ez dituzten mitoen benerazioari hedabide ematea.
Zein urrun gelditu zaigun, adibidez, Doug Scout eta beronen lagun britainiarren muturreko alpinismoan jarduteko estiloa! Kanpoko laguntzarik gutxien erabiliz erronka zailak bilatzeko modu haren ederra. Eta zein ote da honen guztiaren abantaila? Bada, bere kasuan, Karakorumeko 1977ko ihes dramatiko hartan bizirik irteteko aukera eman ziola, Baintha Brakk (7285 m) gailurreko lehenbiziko igoaldia egin berri zutela, amaigabeko zortzi egunetan zehar zango biak puskatuta, guztiz eremu zailean, errestan mendian behera abiatuta. Zirraragarria da. Badirudi Ogroa deitu zuten mendiak "nahi bai", baina ezin izan zuela haiekin.
Ateratzen dugun ondorioa da alpinismoaren printzipio etiko hauek hedatu behar ditugula mendizaleen artean. Aurki eta masiboki egiten saiatuko gara. Eta debaterik ekartzen badu, hainbat hobe. Biziki osasungarria da hausnartzea eta gai hauen inguruan ondo pentsatutako iritziak trukatzea. Gainera, beste adiskide batek, Joserrak, dioen bezala, amaieran zaletasuna sortzea bezain ona da oposizioa piztea.