Pyrenaica 265 (2016)
Txokoa
Pyrenaica 265
Anboto
2016
Editorial
Ugalde, Joseba
“Anbotoko señoria”, halaxe entzuten nuen nire haurtzaroan Mariren goitizena, nire oroitzapenetan nonahi agertzen den mendietako dama. Mendia nondik begiratzen nuen lekua ezagutzen ez duzuenontzat, nire etxean, txikitandik, mendebaldera begira egunsentia gorriz janzten zenean zeruertzean piramide beltza ageri zen beti. Gerora, interpretazio telurikoak heldu ziren, gailurrean dama bat bizi zela erakusten zuen gandor hodeitsua, eta batik bat, beste gailurrek ez bezala nire nerabezaroa markatuko zuen gailur aparta zela deskubritzea. Anboto ta “gure señoria” eta amama, biak ala biak, beti nire oroimenean ezabaezin gelditu dira. Gure burmuina markatzen duten ildaskek, maiz begirada batek sortutako markagatik, oroipen bat edota esperientzia batengatik.
Gaur egun, mendia disziplina eta praktika anitzek (dagoeneko mendiaren historia eta etorkizunaren parte direla onartuta) elkarrekin bizi diren jokaleku gisa ikusten da eta atsegina da oso bertan pausatu eta hain eder eta berezia den halako ingurunea behatzea.
Hausnarketa honek, aurrekari gisa balio dit “jokaleku” kontzeptuaren inguruan egin nahi dudan beste gogoeta bat plazaratzeko, beti ere gaindituta dagoen lehiaketaren eztabaida baino haratago heltzeko asmoz. 2020 urtean, eskaladak izaera olinpikoa izango du eta publiko zabalak arreta berezia jarriko du horretan. Mendizaletasunaren historiarekin oso loturik egon den disziplina hau, salan egingo den olinpiar lehiaketa modura burutuko da, hizki larriz idatzitako KIROL-LEHIAKETA gisa modu formalean onarturik. Aurretik ditugun lau urte hauetan, lan eskerga dugu EMFaren (eta Euskal Selekzioaren) ordezkariek lehiaketa garrantzitsu horretan leku bat eskuratu dezaten.
Hauteskunde urtea dugu. Hauteskundeak burutzeko prozesua laster jarriko da martxan eta irmoki espero dut orain arte burututako aldaketak bermatu eta indartzeaz gain, helburu berri eta anbizio handikoak bultzatuko dituzten pertsonak egongo direla zuzendaritzan. Horrela, datozen lau urteei begira sortuko den panorama berriaren aurrean, Euskal Mendizale Federakundea leku berezian kokatu beharra dago. Mendia jokaleku gisa aukera guztientzako ateak irekita behar ditu, beti ere inguruneari eta jarduera desberdinak burutzen dituzten pertsonekiko errespetutik abiatuz. Zalantzarik gabe, zoriontsu egiten gaituen eta partekatzen dugun pasioa espazio berean burutzeko aukera izanik.
“Bidaiaren hasieran mendiak mendiaren itxura du, bidaian zehar ez du inolaz ere itxura hori hartzen, bukaeran berreskuratu egiten du. Bere gailurretik paisaia osoa ikusten den mendi bat da: herriak, haranak, lautada. Batek hau guztia egin, ibilbidean sufritu, eta azkenean heldu da” (Emmanuel Carrere).