Pyrenaica 277 (2019)
Txokoa
Pyrenaica 277
Sur de Aneto
2019
Editorial
Alonso, José Ramón
Azken batzarrean, federazio hau osatzen duten kide guztiei kezka eragiten dien gai baten inguruko eztabaida izan zen, modu erabat monografikoan ia. Gai hau sarritan jarri izan da mahai gainean eta hainbat eragileren arteko (federazio autonomikoa, herrialde bakoitzeko federazioak, klubak zein mendizaleak) eztabaida sorrarazi izan du.
Azken bi urteetan batzarraren agindua egungo aseguru polizaren baldintzak hobetzea zen, mendizaleentzat onuragarria zela iritzita eta estaldura berrietara egokitzeko ahaleginean. 2018an eskaintza ezberdinak aztertzeko asmoa agertu zen, eta lehiaketa bat abiatzea erabaki, aseguru etxe bakoitzak bere eskaintza egin zezan. Kontuan hartu behar da 34000 aseguru poliza tramitatu behar izaten dituela aseguru etxeak, hots, 34000 mendizaleren kezkak asetu, 2 milioi eurotik gorako kontratazio bolumenarekin. Prozesu konplexua, lehiaketa gardena bideratzeko, batetik, eta egungo aseguru polizaren baldintzak hobetzen direla bermatzeko, bestetik. Prozesu aitzindaria izan dela esan daiteke, arlo guztietan gainera (euskal kiroletako gainerako federazioekin alderatuz eta baita estatu mailako mendi federazioei erreparatuz). Era berean, prozesu aberasgarria izan da benetan, eta legegintzaldi guztietan errepikatzeko aukera ere kontuan hartzekoa litzateke.
Eskakizunez beteriko mundu batean bizi gara, guztiok dauzkagu eskubideak eta badirudi betebeharrik ez daukagula sekula. Egindako ikerketen artean bazegoen bat klubek eta federazioek euren ekintzen egutegia aseguru etxeari komunikatzearen ingurukoa. Arlo honetan utzikeria nabarmena dela atera du argitara aipatu ikerketak, Arabako datuak bereziki kezkagarriak izanik gainera. Lehenengo ondorioa berehalakoa da: 266 klubek gutxieneko betebehar batzuk betetzen ez badituzte, nola nahi dugu 34000 federatuek istripu poliza bat eta gaixotasun poliza bat elkarrengandik bereiztea? Nola eskatuko diegu istripuak jakinarazi edo erreklamazioak bideratzeko protokolo bat errespeta dezaten, zuzendaritzan dauden pertsonek euren betebeharrak betetzeko interesik ez badaukate?
Baloratu den beste argumentu bat asetasun mailarena izan da, azken 6 urteetan izandako kexak eta erreklamazioak aztertuz. Balantzaren beste aldean, aipagarria da kasu bakanetan deitzen duela federatu batek istripu bat izan ostean jasotako tratua zein arreta medikuagatik eskerrak emateko.
Elkarrekin hogeita hamar urte egin ostean, EMF-ren batzarrak aseguru etxez eta bitarteko enpresaz aldatzea erabaki du. Eskerrak eman nahi dizkiogu Josetxo Lunari eta Helvetiari urte hauetan guztietan egindako lanagatik. Aurrerantzean, Adartia eta Mapfre-ren eskutik, ibilbide luzeko gure xendan etapa berri bat etorriko da. Etorkizuna baikortasunez begiratzea dagokigu, eta baita gure beharretara ondoen egokituko den xenda aukeratuko dugun konfiantza izatea ere. Zuzendaritza Batzordeak guztion iritziak entzuten eta lanean gogor jarraituko du helburu hau egia bilakatu dadin.