Pyrenaica 272 (2018)
Txokoa
Pyrenaica 272
Salenques - Tempestades
2018
Editorial
Alonso Cires, Luisa
Euskal mendizaletasunak sakon erroturik ditu bere sustrai zaharrak, mendiak gure kultura eta usadioetan sendo finkaturik baitaude. Gure lurraldeko mendi apalen tontorrekin mende bat baino gehiagoko harreman sutsua mantentzen dugun mendizale kolektiboko kideok, gure mugetatik harago dauden beste mendikateetara eraman izan dugu grina hori. Luzaroan mantendu dugun atxikimendu horrek, belaunaldiz belaunaldi transmititzen jakin dugun identitate-ondasuna osatzen duten elementuak sortu ditu.
Gu identifikatzen gaituen elementu horietako bat eta komunitate bateko partaide izateari zentzua ematen diona, Antxon Brandresek 1926 fundatutako Pyrenaica aldizkaria da. Ehunka artikulugilek, erredakzio eta zuzendaritzako kideek, denek, elkarlanean, auzolanean, musutruk, XXI. mende arte eraman dute gure aldizkari beterano hau. Taldean egindako lan bitxi zein miresgarri horri esker, Pyrenaica euskal mendizaletasunaren mende bateko memoria idatzia izateaz gain, belaunaldi desberdinen arteko ezagutza eta baloreen transmisiorako ezinbesteko euskarria izan da, azken mendean izandako eraldaketa sozial eta kultural askoren erregistroa izan delarik.
Aurten, Euskal Herriko Mendien Katalogoaren azken edizioa argitaratu da. 1914an Ganekogortara egindako lehen igoera kolektiboarekin batera, Antxon Bandres aitzindariak jarduera singular bat martxan jarri zuen: Mendien Lehiaketa. Ohiko praktika honek berezko zenbait elementu sortu ditu: euskal mendi gehienetan buzoien presentzia, baita mendi apalenetan ere; aldiro tontorren zerrenda argitaratu dira 2018ko Katalogoa osatu arte, Euskaltzaindiak euskal toponimia berreskuratzeko egiten duen lan eskergari esker, gure mendiak behar bezala identifikatu dira; eta, batik bat, 1923 urtetik gaurdaino, Ehun Mendien Lehiaketan jasotako erregistroak gordetzen dituen Ermandadeak, betidanik bere helburu nagusia mendizaletasuna bultzatu eta gure lurraldeko azken zokoa erakustea izanik. Ez dago horrelakorik Euskal Herritik kanpoko beste mendi federazioetan eta balio izan du mendi apalez osaturik dagoen gure lurraldean harrigarria den mendizaletasuna sortzeko.
Kultur ondarea, material eta immaterialak diren ondasunez osaturik dago, iraganaren herentzia, partekatzen dutenen nortasunaren adierazpen eta gizakiaren kreazioaren onenaren lekuko. Euskal mendizaleen kolektiboak, bere mende bateko existentzian, mendiarekin lotutako kultura bat sortu du. Bizi dugun mundu globalizatu honetan non ohiturak eta baloreak geroz eta uniformeagoak izateko joaera duten, gure izaeraren ezaugarriak babestu eta datozen belaunaldiei legatu on bat uztea gure ardura da eta harro egoteko arrazoia ere. Gure jende eta Euskal Herriko mendien arteko antzinako elkarrekintzaren adierazpen bat gehiago da.