Pyrenaica 251 (2013)
Txokoa
Pyrenaica 251
Especial Alpes
2013
Editorial
Iturriza, Antxon
MENDIAK igotzearen kirol jarduerari berari izena eman zioten Alpeetako gailurren eta ibarren irudia, kutsu epiko baten inguruan bildua heldu da guganaino ia beti, alpinismoaren historia idatzi duten eskalada handiei atxikirik.
Izan ere, mendilerroaren urrezko kaiera bezala defini genezakeena osatzen dute abentura izugarri horiek; baina jarduera horien gogortasun mailak Alpeak mendizale handientzako jokaleku esklusiboa zelako ondorio okerra hedatu du gure artean.
Ale monografiko honen edukiak modu gardenean erakusten digu Alpeetan naturaz gozatu nahi duen orok duela lekua, paisaiak aurkitu eta abenturak bizitzeko aukera dagoela bakoitzak gustuko duen mailaraino.
Alpeetan gozatzera mendiko botak jantzi barik ere Joan daiteke. Antonio Ortegak kontatzen duenez, suitzar trenek halako bide batek ustez ezin erdiets litzakeen zokoetaraino eramango gaituzte. Oinez tarte labur bat eginda dinosauroen oinatzak ikusteko aukera izango dugu, Miren Garmendiak deskribatzen digunez.
Ordea botak jantziz gero, bizitza osoa eman genezake ibilian, mendilerroaren atal ñimiño bat ezagutzera baino helduko ez garelarik, Lorena Arrastuak eramango gaituen Vanoisetik, Luisa Alonsoren eskutik bisitatuko ditugun Esloveniako Alpeetako azken mendi adarretaraino. Aukera klasikoetako beste bat GR ibilbideak ditugu eta M ikel Arrizabalagak Mont Blanc isurialde guztietatik deskubritzeko proposamena egiten digu.
Alpeez ari garenean, pluralean hitz egin behar da berez, eta hala Xabier Erauskinek eta Felipe Uriartek Suitzako laumilako batzuen igoaldiko irudi glaziarrak deskribatzen dituztenean izugarri gozatuko dugu.
Eta Alpeetako mendien aldakortasuna erakuste aldera, beste laumilako batzuetara ere igo gintezke, baina oraingoan eskien gainean, Txutxi Ubietak egin zuen bezala edo Itsasoko Alpeetan Belen Eguzkitzak irekiko digun aztarnari jarraitzeko.
Bistan denez, prestakuntza teknikorik handiena dutenentzat ere bada zenbait eskalada egiteko aukera, Ana Ruizek aurkeztutako Dibona orratzarena bezala, Tournier ezproian Mikel Saenz de Urabainek edota Dru ezagunean Leseur igobidea segituz Mikel Martiarenak osatzen dutenen moduko ibilbide alpetar handiekin txunditzen gaituztela, baita Jonatan Larrañagak proposatzen duen Alpeetako hirukotean (Eiger, Cervino eta Grandes Jorasses) bezala ere. Gutxi dira halakoei aurre egiteko gaitasuna dutenak, baina gauza ederra da haien esperientzia biziak irakurri ahal izatea.
Finean, sumarioaren birpasa honek Alpeak oso handiak eta anitzak direla frogatzen du, baita bertan guztiontzako lekua dagoela ere. Astin dezagun hizkuntza oztopoen eta salneurri garestien beldurra, hainbesterainokoak ez dira eta. Alpeak zain dauzkagu eta hitzordura joanez gero, hitza ematen dizuet ez duzuela damurik izango.