Pyrenaica
Txokoa
100 urte bete ditugu eta dudarik gabe, meritua du, meritu handia. Mende honetan zehar, federazioaren parte izan diren pertsonen meritua, haiena guztiena.
Bai 1924ko lehenengo Zuzendaritza Batzorde hura, bai mendi talde sortzaile haiek, bai eta gaur egungo federatu gaztetxoenak ere – haietako batzuk haurtxoak besterik ez dira- . Ezin ahantzi gabe utzi ehun urte horietan eskuzabaltasunez mendi taldeetan lanean aritu diren eta dihardutenak, bai lurralde-mailako federazioetan, bai eta EMFko beste zenbait arlotan lanean diharduten pertsonak ere.
Eskerrik asko guztioi bihotz bihotzez, zuek gabe urteurren hau ez litzateke posible izango. Pertsona boluntario horietako bakoitzak bere alea ipini du federazioak 100 urte bete ditzan. Eta ez hori bakarrik, egun 41 000 federatu inguru daude Euskal Autonomi Erkidegoan; Euskadin, 55 biztanleko bat federatua dago. Ez dut uste gure herrian horrelako fenomenorik dagoenik. Meritua beste behin, guztiona da; auzolana.
Bestalde, gure Euskal Selekzioak emaitza oparoak biltzen ari dira; estatu mailan, podiumetara igoz eta mundu mailan, postu onenetan sartzea lortuz. Bien bitartean, batzorde bakoitzak lanean dihardu diziplina oro goi-mailan mantendu dadin.
Euskal Herriko Mendi Biltzarraren sorrerarekin Nafarroarekin bat egitea errealitate bihurtu da, beste batzuen artean, lehen aipaturiko diziplinetako lehiaketak, udalekuak, erdigunea, Besaideko eguna, edota Ehun Mendien Anaidia elkarrekin ospatuz.
Finantza arloan federazioa sendo dago, osasuntsu, eta beste ehun urte irauteko indarrez asebeterik. Mantentzea gure esku dago; guztion esku.
Lerro hauek amaitzeko, badago aipatzea nahi dudan zerbait. Mendizaleon artean beti izan dira eta hala darraite gure kirolari lotuta dauden zenbait ezaugarri: adiskidetza, lagunak, errespetua, kideak, eta abar. Amaierara iristen ari den legealdi honetan, balio horiek kontuan beti gure jardueren parte izan direla azpimarratu nahiko nuke, bai zuzendaritza-batzordearen bileretan, zein asanblada, ekitaldi eta ekintzetan ere. Hego Euskal Herriko bost federazioen arteko harremana bikaina izan da, eta gaur egun kideak izateaz gain, lagunak ere bagarela esan dezakegu. Horrek beti izan beharko luke horrela.
Betidanik betiko!
Egia, Zigor
Pyrenaica 297 (2024)
Aldizkaria ikusi