Pyrenaica 276 (2019)
Txokoa
Pyrenaica 276
Patagonia
2019
Editoriala
Alonso Cires, Luisa
Gure aisialdia topera gozatzeko gogotsu bizi gara, baita atsegin ditugun jardueretan buru-belarri aritu ere, baina apenas hartzen dugu betarik ingurunean eragiten ditugun kalteez hausnartzeko. Behin baino gehiagotan ohartarazi digute: gure jarrera eta bizimoduaren ondorioz, naturaren altxorrak mugarik gabe erauziz eta zaborra sortuz, planeta suntsitzen ari gara. Mendizaletasunari dagokionez, gure begiez dakusagu: masifikazioagatik, kontrol eza edo sentiberatasun faltagatik, zenbait jarduera aldaketak eragiten ari dira mendeetan zehar gizakiaren presentziarekin orekan bizi izan diren paisaietan.
Baina sentikorrak gara. Munduko mendi garaienak igotzeko asmoz antolatzen diren espedizio komertzial jendetsuen irudiak ikusteak gaitzespena eragiten digu. Errealitate birtualean sortutako kritika hori eraginkorragoa litzateke gure eguneroko errealitatean jarrera konprometitu bat erakutsiko bagenu. Urrutiko kasuetan ezin dugu eragin, baina bai gure ingurukoetan. Beraz, bakoitzak, berak utzitako arrastoaz arduratzeko unea da, ez du balio norbanakoak egindakoa ez duela ezertarako balio argudiatzeak edo gizakiaren bilakaera ezinbestean planetaren degradazioarekin lotuta dagoela esateak. Mendian, gutxienez, bakoitzak bere ekintzez arduratu behar du: mendi-jarduerak praktikatzean arrastorik utzi gabe naturaz gozatu.
Inguruneari zor diogun begirunea praktikatzen hasteko, Gipuzkoako Mendizale Federazioak sortutako Praktika onen dekalogoa aplikatzen has gaitezke. Ale honetan ateratzen den dekalogoak, hain humanizaturik dauden gure mendietan, landa eremu eta bertan bizi diren biztanleekin gatazkak saihesteko helburuz, aplikatzeko hamar neurri jasotzen ditu.
Errespetuzko jarrera honekin, aldizkari honetan erakusten dizkizuegun gure mendi ederrenetan eta Gatako lurmuturreko zein Bizkaiko kostaldeko itsasertzeko bidezidorretan ibil gaitezke, baita Ozeaniako gailurrik altuena den Carstenzeko Piramidea lortzen saiatu ere. Eta berotze globalak utziz gero, Islandiako elurtutako aldapetan eskiatu edo urrutiko Patagoniako izotzezko hormak eskalatu.
Nork daki? Dena konektaturik dagoen planeta globalizatu honetan, non suediar gaztetxo baten aktibismo indibiduala gauza izan den mugak gainditzeko eta zenbait kontzientziatan eragiteko, gure jarrera pertsonalak ere hedatze-uhin efektu berbera izan zezakeen.