EMF

Federación Vasca de Montaña
Euskal Herriko Mendi Federazioa

EUSKALMET

Dirección de meteorología y climatología
Meteorologia eta klimatologia zuzendaritza

UIAA

International Mountaineering and Climbing Federation
Union Internationale de Asociations d'Alpinisme

B A S O A K. IBILBIDEAREN EDERTASUNA

Monografiko honetan gure baso kuttunei merezi duten lekua eskaini nahi izan diegu. Mendiarekiko bereizezinak, batzuetan balio gehiegirik eman gabe gailurrera bidean igarobide soiltzat hartuak izan ohi dira. Gure jardueretan ezaguna den esaera bat ekarri nahi dut gogora; helburu baten lorpenak, oso handia izan arren, ez luke bidearen edertasunaz gozatzea lausotu behar.

Noizbehinka bada ere, zuhaitzez josirik ditugun basoek eskaintzen dizkiguten pribilegioez jabetzea komeni da. Mendizaleak izaki, Euskal Herriko basoek eratzen duten natura-ondarea ezagutu, balioetsi eta babestu beharko genuke. Basoak ez dira soilik gure planetaren birikak. Gero eta mehatxatuagoak dauden fauna eta floraren bizilekuaz gaindi, ura oparitzen diguten erreka, uhar eta iturburuen sorleku dira.

Dentsitate handiko populazioa dagoen lurralde batean bizi gara, eta gure basoen historia gizakien zibilizazioari loturik dago ezinbestean. Gure mendi-magalak besarkatzen dituzten pagadien paisaiak bezain barneratuak ditugu hauen oinarrian dauden larre ederren irudiak ere. Nahitaezkoa da gero eta ahalegin handiagoa egitea hainbat jarduera bateratzea nahi badugu (nekazaritza, baso-kudeaketa, abeltzaintza…). 2005 eta 2020 urteen artean %20 jaitsi da Pinus radiata zuhaitzek hartzen zuten azalera Euskadin, baina honen ordez hainbeste kalte eragiten dituzten espezie aloktonoen landaketen areagotzea eman da, bereziki eukaliptoena (%77). Aldaketa klimatikoaren arazoa pil-pilean egonik, ez genuke utzi beharko epe laburreko irabazi-asmoek hain preziatuak bezain ahulak diren ekosistemak arriskuan jartzea.

Monografiko honetan baso eta zuhaitz anitz dauden inguruneetan mendi-jarduerez gozatzeko hainbat proposamen luzatzen dizkizuegu. Hainbat aukera ezin-hobe eta interesgune daudela ohartuko gara, urteko edozein sasoitan. Udaberrian, pagoak eta haritzak hostoz jantziko dira itzalak eskainiz, eta neguan biluztu egingo dira, eguzki izpien berotasuna bidelagun egoki bihurtuz. Udazken gero eta iragankorragoak gure ibilaldiak urre kolore zoragarriez bilduko ditu, eta elur eta izozteak gure mendilerroetara bisitan datozenean elur-erraketak eta eskiak jantzi ahal izango ditugu kristalezko zuhaitz xarmagarrien artetik ibili ahal izateko. Basoak sekretuz eta bitxikeriaz beteriko tokiak izanik, umeen mendiarekiko zaletasuna errazten dute, gero eta beharrezkoagoa den ingurunearekiko begirunea sortuz. PR eta GRetako hainbat kilometrok gure baso entzutetsuenak zeharkatzen dituzte. Hauek ezin hobeak dira mendizaleek modu lasaian gozatu dezaten, baita korrikalari eta txirrindularientzako ere, ziztu bizian zeharkatuko dituztelarik orbelaren atsedena eskertuz.

Hainbat eta hainbat aukera mendiaz eta naturaz gozatzeko… eta zaintzeko. Ongi etorri gure basoetara.

Begoña Fernández Díaz

Pyrenaicako erredakzioa