Euskal Mendizale Federazioaren (EMF-FVM) aldizkari ofiziala da Pyrenaica. Hiru hilean behin argitaratzen da eta EMF-FVMko federatu guztien artean banatzen da. Gainera, web bidez, harpidetzaren bidez eta denda espezializatu batzuetan lor daiteke. Aldizkariari bere jardueren kontakizuna bidaltzen dioten mendizaleen laguntzari esker sortzen dira bere edukiak. Duela ia mende batetik hona, zuzendaritzak, erredakzio taldeak eta Pyrenaica idazten duten pertsona guztiek eskuzabaltasunez lan egiten dute.
Edizio batzordea
Editorea: Euskal Mendizale Federazioa – Federación Vasca de Montaña (EMF-FVM).
Lehendakaria: Ricardo Hernani.
Zuzendaria: Iván Ruiz.
Erredakzio Batzordea: Paulo Etxeberria, Begoña Fernández, Ioritz González, Iñigo Santxo, Xabi Mujika, Iñigo Jauregui, Iratxe Osoro.
HISTORIA
1926an hasi zen argitaratzen Pyrenaica aldizkaria, mendizaletasunaren nazioarteko aldizkari zaharrenen artean kokatuz, eta erreferentzia gisa Alpine Journal britainiarra (1863ko munduko lehen aldizkari espezifikoa) eta Peñalara (1913ko lehen argitalpen espainiarra) hartuz. Laister 100 urte beteko ditu aldizkariak! Hiru hilean behin argitaratzen da, mendizaleen borondatezko ekarpenetan oinarrituz. Egun, 32.000 ale inguru argitaratzen dira hiruhilean behin, eta Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako 750 herritan banatzen da gutxi gorabehera. Honetaz gain, Europako, Amerikako eta Asiako 16 herrialdetako 250 herritara ere banatzen da.
1926an jaioa, Pyrenaica aldizkariaren argitalpenaren jarraikortasunak hainbat gorabehera historiko izan ditu, 5 garai ezberdinetan sailka daitezkeenak.
- garaia (1926-1930):
Lehenengoak jaio zenetik 1930 arte iraun zuen. Maiztasuna ia hiruhilekoa izan zen, 1930ean izan ezik, urte horretan zenbaki bakarra argitaratu baitzen. 1926ko 1 eta 3 aleek eranskin bana izan zuten. Eranskinak argitaratzeko ohitura horrek 1927, 1928 eta 1929 urteetan ere jarraitu zuen. Pyrenaicako lehen zuzendari eta sustatzailea José Ramón Murga bilbotarra izan zen, berak proposatu zuen aldizkariaren izena. Ondoren, 1928tik aurrera, Manuel de la Sota y Aburto bilbotarra izan zen zuzendaria.
Lehenengo alearen editorialak, honela zioen: Pyrenaica, viene humildemente a recoger y guardar nuestras intimidades de la vida de montaña. Será esta revista como un relicario de nuestra santa devoción por el monte. Acaso sus páginas no lleguen a describir hazañas portentosas ni empresas deslumbrantes… No nos atrae lo espectacular. Pero cuando los años pasen, al hojear la colección de Pyrenaica, sentiremos las más dulces evocaciones con el recuerdo de días intensamente felices pasados en la montaña “lejos del mundanal ruido”. Pyrenaica sin pompas literarias, sencilla, como nuestros hábitos, será la memoria colectiva que vamos a escribir entre todos.
- garaia (1935-1936):
1935ean argitalpenaren edizioa eraberritu egin zen. Bigarren garai honetako aldizkarien itxura eguneroko baten antzekoagoa zen eta argazki gehiago zeuden. 1935ean bi zenbaki argitaratu ziren, eta 1936an bakarra, eta berriro eten egin zen Gerra Zibila hasi zenean. Bigarren argitaraldi labur honen bultzatzaile eta zuzendaria Francisco María Labayen izan zen.
- garaia (1951-1966):
Gerra ostean, 1951 arte itxaron behar izan zen argitalpenari berriro ekiteko. Aurretik zuen tamaina bera zuen, baina argazkiak sartzeko formatu egokiago batekin (zuri-beltzean). Hirugarren garai honetan, urtean lau ale argitaratu ziren, zenbakizko jarraitutasunik ez zutelarik (urtez urte 1, 2, 3 eta 4 zenbakiak erabiltzen ziren). Dirudienez, Jose Maria Peciñaren bultzada eta dedikazioari esker berrabiarazi zen argitalpena, baina haren heriotza goiztiarraren ondorioz zuzendaritza ordezkatu behar izan zen, eta Jose Uriaren esku geratu zen, 1953tik 1967 arte. 1955ko eta 1956ko buletinek bi eranskin izan zituzten. 1967an, bi zenbaki baino ez ziren argitaratu, Peruko Andeetatik bueltan “Ikurrinaren iskanbila” izenaz ezagutu zen gertakizunaren ondorioz. Euskal Mendizale Federazioak eta bere menpeko erakundeek, besteak beste Pyrenaicak, eten egin behar izan zituzten erakunde gisa zituzten jarduerak.
- garaia (1972-1980):
Horrela, bost urte igaro ziren Casimiro Bengoetxearen zuzendaritzapean, euskal mendizale talde bat argitalpenari berriro ekiteko antolatu zen arte. Laugarren garaia 1972ko bigarren zenbakiarekin edo hiruhilekoarekin hasi zen. Hiruhileko maiztasunarekin jarraitu zen, 1973ko bigarren eta hirugarren, eta 1978ko hirugarren eta laugarren aleak izan ezik, hauek elkarrekin ale bikoitz moduan eman baitzituzten. 1975eko laugarren alearekin zenbaketa jarraitua berreskuratu zen: 101 alea zen, eta gainera, azalean, koloredun argazkiak erabiltzen hasi ziren. 1979an Jesus Polok hartu zuen aldizkariaren zuzendaritza.
- garaia (1980-gaur egun arte):
1980an, argitalpena eten gabe, aldizkariaren tamaina aldatu zenean eman zen hasitzat aldizkariaren bosgarren garaia egungo formatuarekin. Lehen urte horretan, euskal espedizioak Everest konkistatu zuenean, zenbaki bikoitza eskaini zion balentria honi (1980ko 120-121, 3 eta 4). 1981tik 2015ra Antonio Ortega izan zen aldizkariko zuzendaria. Urte horretan Luisa Alonso – Ciresek hartu zuen bere gain zuzendaritza, kargu hori bete zuen lehenengo emakumea. Harrezkero, jarraitutasuna zorrotza eta etengabea izan da, eta hiruhilean behin argitaratu izan da. 1988tik aurrera, aldizkariaren barrualdea kolorez inprimatzen da. Azken urteetan, gai ezberdinei buruzko monografiko bat argitaratzen da urteko (2023an izan ezik, orrialde murrizketa zela eta, jasotako artikuluei irteera eman ahal izateko). 2022ko martxoaren 12tik, ordurarte erredakzio taldeko kidea zen Iván Ruiz-ek betetzen du zuzendari kargua gaur egun arte.