Pyrenaica 262 (2016)
Txokoa
Pyrenaica 262
El Plazaola
2016
Editoriala
Alonso Cires, Luisa
1926an, orain dela 90 urte, Antxon Bandresek “Federación Vasco-Navarra de Alpinismo” izenez sortutako erakundeak burutzen zituen jarduerak Pyrenaica aldizkarian argitaratzeko ideia izan zuen. Lehen aleak 48 orrialde izan zituen, prezioa 50 zentimo eta mila ale baino gutxiagoko tirada. Argitaratze-aurkezpenean honako hau idatzi zuen: “guztion artean idatziko dugun oroimen kolektiboa izango da”. Handik gutxira, 1928ko apirilaren 12an, Madrilgo Jabetza Intelektual eta Komertzial-erregistroan inskribatu zuten.
Bandresek burua altxatuko balu, harri eta zur geratuko litzateke berak sortzen lagundu zuen federazio apal hura, egungo Euskal Mendi Federazioa zertan bilakatu den ikusita: urte hauetan guztietan, 30.000 kide baino gehiago osatzen duen kolektibo horretatik munduko gailurrik altuenak eta ospetsuenak igo dituzten gizon eta emakumeak daude, eskaladan ere mailarik gorenera iritsitakoak, eta azken garai hauetan sortu diren mendi lasterketak bezalako modalitate berrietan puntan dabiltzan beste asko. Pyrenaica aldizkariak izan duen bilakaerarekin ere harrituko litzateke zalantzarik gabe: hiruhilero argitaratzen den aldizkariak duen 26.500 aleko tirada, webgune eta sare sozialetan (facebook eta blogak) duen presentziarekin osatzen da.
1926 urtetik hona, mendian burutzen diren jarduerak asko aldatu dira eta zer esanik ez hauek gizarteratzeko formatuak. Pyrenaica aldaketa hauetara egokitu izan da beti. Mendizaleen kolektiboaren baldintzarik gabeko sostenguari esker, bidean sorturiko zailtasunak gainditu eta urteak betetzen joan da, batzuk oso larriak, argitalpena etetea eragiteraino: 1936ko Gerra Zibilean eta 1967an, arrazoi politikoak zirela medio, Andeetara eginiko espedizioaren ondoren. Hala ere, gaur egun arte jatorrizko izaera mantendu ahal izan du: parte-hartzailea eta euskal mendizaletasunaren idatzizko memoria izateko bokazioa, besteak beste. Artikulu egile, erredakzio batzorde eta zuzendaritzako kide desinteresatuei esker, aldizkariak aldioro bere edukiak berritu izan ditu garai bakoitzeko ohiturak eta mendian izandako lorpenak islatuz eta, azken etapan, irakurleekin harreman zuzena edukitzeko formatu digitalak gehituz.
Orain, 2016 urtean, kolektiboki idatzitako mendizaletasunaren 90 urteko historia ospatzeko, Pyrenaicako egungo taldeak aldizkariaren itxura aldatzea erabaki du, beti ere garai berrietara egokitu eta etorkizunari begiratzeko irudi berria landuz. Bere formatu digitalen garapenarekin batera, transformazio berri bat suposatzen du XXI. mendeko Pyrenaicaren eta gure oinarrizko konpromezuaren zerbitzura: oinordetzan hartu genuen aldizkaria zaindu eta hurrengo belaunaldiei ondare aberatsa utzi.