Pyrenaica 245 (2011)
Txokoa
Pyrenaica 245
La Peña sobre el valle de Mena
2011
Editoriala
Alonso-Cires, Luisa
OIHANA Kortazar Aranzetak Mendi Lasterketen Espainia eta Europako txapelketak ez ezik, Munduko Kopa ere eskuratu du iragan hilabeteetan, aurreko denboraldian ama izan eta segituan. Itziar Zabala Zurinagak 18z azpiko Zailtasuneko Eskaladan Espainiako Kopa eta Txapelketa irabazi ditu. Topikoak hautsirik, emakume hauek gustuko dute lehiatzea. Maiatzean Isabel García Arribas Lhotse gailurrera heldu eta jaitsiera korapilatsu bati egin zion aurre, Roberto Rodrigo bere kideari laguntza emateaz batera. Badaude, beraz, "sokaburu" ari diren emakumeak, baita mendiak bere aurpegirik mehatxagarriena erakusten duenean ere.
Emakume mendizale eta eskalatzaileei beren y jarduerak kontatzen animatzeko sortu zen Pyrenaicako emakumeak izeneko blog-a eta zegokien atala izan dute hiru kirolari hauek. Gure bitakora hau lehiatzeko asmorik gabe mendian dabiltzan emakumeek idazten dutenaz elikatzen da batez ere, jokatzen duten lehia bakarra beren mugen kontrakoa izanik eta naturarekiko kontaktuak ematen duen plazera nahiz horrek ekartzen dizkigun erronkak gainditu nahi hutsagatik arituz. Blog-a agertu zenetik, inoiz baino artikulu gehiago irakurri ahal izan dugu Pyrenaica-n emakumeek sinaturik nahiz emakumeen jarduerak kontaturik, beste aurrerapauso bat. Egiten dugunaren berri ematearekin batera, geure begiratzeko era eta mendizalegoari ekartzen dizkiogun balioak ezagutarazten ditugu. Horregatik izan dugu gero eta agerpen handiagoa mendizale taldeek antolaturiko hitzaldi edo jardunaldietan.
Ahaleginez eta gogo handiaz, Euskal Mendizale Federazioan (EMF) dagokigun lekura ari gara heltzen, federatutako bazkideen % 30a baikara. Oraindik lorkizun dago talde nahiz federazioetako zuzendaritza taldeetan edota teknikoen artean gure partaidetza hobetzea. Garrantzi handiko erronka, mendizale jende guztiaren laguntza beharko duena. Nola ekin? Hasteko, errealitatea objektiboki aztertzea komeniko litzateke: menditaldeetan zenbat garen, zein den gure hautuko kirol jarduera eta zergatik, menditik, zeintzuk diren eskaladatik edo talde nahiz federazioetako erabakitze postuetatik at atxikitzen gaituzten kausak. Finean, EMFko emakumeen egoeraren diagnostiko bat landu behar da, hortik aterako baitira gure presentzia eta parte hartzea bultzatzeko neurri egokiak. Prozesu honi ekiteko tresna aproposa izango da, 2010eko azaroan EMF ere barruan hartzen duen Euskal Kirol Federazioen Batasunak argitaratutako Euskal kirol federazioetan genero ikuspuntua integratzeko gida izeneko lana. Premiazko helburu batekin: emakumeak mendi jarduerara berdintasunezko baldintzetan iristea. Erronka gaitza baina eskuragarria. Lortutakoan aldizkari honetan emakumeaz eta mendiaz atal berezia egoteak ez du zentzurik izango, ezta era honetako editorial bat idazteak ere.