EMF logoa

Pyrenaica

mendia ikonoaTatxamendien
Txokoa

Hostoak erortzen direnean eta basoak biluzten direnean, gure mendiak zuriz jantzi eta eskaini ohi dizkiguten aurpegirik zoragarrienak eta amestuenak aurkezten dizkigute. Asko dira beren oholak elur garbian irristatzeko ametsetan hilabeteak eman dituztenak, edo beren oinatzen hotsa elurretan entzun nahi dutenak, basoko isiltasunean elur-erraketekin arrastoa irekiz. Negua, mendizaleak ilusioz eta proiektuz betetzen dituen garaia.

Esku artean duzuen honako monografiko honetan, urtaro horri omenaldia egin nahi diogu, oparitzen digun guztiagatik, eta, etorkizuna, inoiz baino ziurgabeagoa duelako. Azken glaziarrak urtu eta desagertzen ari dira, gizartea sorgor dagoen bitartean, eta neguak gero eta iragankorragoak dirudite. Ahal dugun bitartean neguaz gozatzen saiatu behar dugu, baina, ezartzen dizkigun arauak ahaztu gabe. Materiala eta teknikak ezagutu behar ditugu, irteera bakoitza kontzientziaz prestatuz. Mezua argi dago: antolatu, materiala prestatu eta ekin.

Gaur egun, euskal mendizaleak indartsu dihardute neguan, eta protagonista batzuk bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu; hala nola, Alex Txikon, Ekaitz Maiz eta Tasio Martin. Baina, haiek baino lehenago, beste batzuek ireki zuten bidea, 1908an Lekunberrin ateratako argazki hartan agertzen ziren lekunberritarrak, adibidez, oinarrizko eski batzuez baliatuz. Irudi hura, euskaldunek neguko kirolean emandako lehen urratsen lekuko izan daiteke. Antxon Iturrizak denboran zehar bidaia bat egitera gonbidatu gaitu, gure bilakaera ezagutzeko, data hori abiapuntutzat hartu eta gaur egun arte izandako gertakari ahaztezin batzuk gogoraraziz, hala nola, Angel Landaren eta Pedro Udaondok 1956an Picu Urriellura egindako neguko lehen igoera.

Ziur nago aitzindarien abenturek eta zoritxarrek irteera eta jarduera berriak planifikatzeko gogoa piztuko dizuetela, ohial zuriak gure mendiak hartzen dituenean prest egoteko. Ale honetan nahi eta maila guztientzako jarduerak eskaintzen dizkizuegu; ezin proposatu gabe utzi, besteak beste, Gorbeiako gurutzearen nahitaezko igoera, edo, Tena haraneko eski-ibilbide zeharkaldi klasikoak. Ziur nago, jarduera mota horiek direla neguari egin diezaiokegun ongietorririk onena, eta bide batez, duen irudirik atseginenarekin aurkezten bada, gozatu dezagun. Negu zoriontsua izan dezazuela mendizaleok!

Ruiz Rotaeche "Rota", Ivan

Pyrenaica revista

Pyrenaica 289 (2022)

Aldizkaria ikusi

Babesleak

Laguntzaileak

Euskal Herriko Mendizale Federazioa logoa
Euskal Mendizale Federazioa
Arabako Mendizale Federazioa logoa
Arabako Mendizaleen Federazioa
Federación Vizcaína de Montaña logoa
Bizkaiko Mendizale Federazioa
Federación Guipuzcoana de Montaña logoa
Gipuzkoako Mendizale Federazioa
Federación Navarra de Deportes de Montaña y Escalada logoa
Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundea