Pyrenaica 232 (2008)
Txokoa
Pyrenaica 232
El karst de los Jorrios
2008
Editorial
Uriarte, Luis Ignacio Domingo (Txomin)
OSO argi dago Goi-Mendian azkartasuna garrantzi handiko kontua dela. Goiz irten eta arin ibili behar da bueltan garaiz egoteko. Egun luzeak izan ohi dira, maiz arratsalde arriskugarriekin eta babesik gabeko gauak hilgarriak gerta daitezke. Alberto Zeraini galde egin diezaiotela, egitekoak ongi eta zegokien unean egin eta onik irten baitzen lehengo abuztuaren 1ean K2tik. Oraindik gordetzen du gogoan zirrara batez, jaisten ari zeta, gainerako mendizaleekin gurutzatu zeneko unea, gailurra beranduago egin eta jaistean, 8200 metroetara, Botilako Zintzurrean tranpak harrapatu zituen eta.
Baina azkartasuna eta zehaztasuna ez dira abiaduraren esanahikideak. Lasterka egitea erantsitako balioa da, ez ordea garrantzizkoena. Himalaian zortzimilak igo eta jaistean abiada errekorrak haustea ez da oinarrizkoena, ezta arintasuna lehenetsiriko aldagaia ere zailtasun handiko eskaladan. Alpinismo ez-lehiakorrean hobesten dena ez da arinenik eskalatzea, igobiderik estetikoena osatzea baizik, edo arriskutsuena ere bai, nahi bada, erarik seguruenean gauzatzen bada.
Eta behe-mendian, zer dela eta egin behar dira txangoak lasterka? Kontraesanekoa da mendian zehar lasterketak egitea? Zenbaitek oso argi dauka. Anjelen ustetan, adibidez, museo batean lasterketak egitea pentsatuko bagenu bezalakoxea izango litzateke: ea zeinek ibiltzen duen Louvreko museoa denborarik gutxienean galeria guztiak bisitaturik. Hau da, museoko galeriak ibiltzean azkartasuna sarituko litzateke, koadroak ikustearen atseginaren ordez. Zentzurik izango ote luke?
Honetaz guztiaz hausnarrean nengoela, Londresko Tate Britainen ikusgarrí berezia antolatu dutela irakurri dut egunkarietan, hain zuzen ere, lau hilabetetan, hango 50 atletak lasterka egingo dutela museoko Duveen erakusgelan zehar, 86 metro luze dena, eta 30 segundutan behin. Erakusgarria, Martin Creed artista entzutetsuak sortua, “gizakiaren oinarrizko jardueren esplorazioan eginiko ekitaldi artistikotzat" hartu da eta, Londresko udako ustezko kultur gertakarietako bat izan omen da.
Alegia, norbera nahastu egiten da arte garaikideko zenbait gauzarekin, baina itzul nadin mendian lasterka egitearen kontura. Ez daukat ezer mendian lasterka egin edo lasterketak antola daitezen kontra, (kasu guztietan bezalaxe, baldin ingurumenaren eta gainerako lagunon errespetuaren arauak betetzen badira). Korrika egitea ona delako, oso ona. Nonahi eta noiznahi. Korrika egitea hilda egotearen aurkakoa da. Abantaila handiak ditu, buru- eta gorputz-sasoian egotea dakar eta, halaber, osasun neurri ezin hobea da. Eta mendian lasterka egitea are hobea da, bi plazer elkartzen baitira: korrika egitearena eta mendian egotearena.
Mendian guztiek dute lekua... baldin ongi portatzen badira. Eskalatzaileak, eskiatzaileak, ziklistak, lasterkarien moduko atletak, tramankulu desberdinetan hegaz egiten duen jendea, barrankistak, espeleologoak... baita aipagarriak diren argazkilariak, olerkariak, zientzialariak, e.a., e.a., denek gauzatu ahal dituzte beren zaletasunak mendian. Aski da. Utz iezadazue, hala ere, Evelio Echevarriak egiten duen mendizaletasunaren adierazpena aipatzen, Pyrenaican idatzi zuen bezala, "denda jarri, hor zehar menturatu, ezagutzan hazi, lagun hurkoarekin solastatu, biztanlerik gabeko lurretan nahiz lasaitasuna erregina den ibarretan barnatzea" amesten duenean.