Pyrenaica 253 (2013)
Txokoa
Pyrenaica 253
132 km a pie por DOLOMITAS
2013
Editoriala
López, Enrique
H AMALAD urteren buruan, ostera ere gauzaten da Euskal Herriko mendien katalogoa bere paperezko euskarri ohikoan. 1999ko azken ediziotik hona, beste hiru egin dira "behinbehineko" euskarri digitalean, mendi biltzaileek zerrendak hobetzealdera, aurkitutako akatsak nahiz euren iradokizunak bidaltzeko aukera izan zezaten.
Nahi zen beste parte hartzerik egon ez den arren, urte hauetan informazioaren teknologiak erruz orokortu eta azkartu dira. Lehen adituen esku baino ez zeuden datuak eskaintzen ditu orain internetek eta, gainera, zenbait gizarte-sare mendizaleren laguntza eskergarria izan dugu, euren datuak gure esku jarri ez ezik, katalogoaren birbegiraketan artez parte hartu ere egin dutenak.
Segurua da zerrendetako gailur berriek ekarriko dutela solasbidea, baita ordezkatuak izan direlako aurrerantzean ehun mendien lehiaketarako baliagarriak izango ez direnek ere. Eta, ohi legez, mendien izenak izango dira bildumazaleen hizpide nagusia, "betidanik" izen hau edo bestea izan duten mendientzat, ostera ere toponimo edo idazkera berriak ikasteari ekin beharko diote eta...
Toponimiaren alor honetan, lehenengoz jasoko ditu katalogoak, euskararen modura, antzina gaur baino indartsuago bizi ziren zenbait hizkuntzatako izenak. Edozein hizkuntzari gertazen zaion legez, dagokion zaintza eta balizko "normalizaziorako" lehen urratsa haren existentzia onartzea da. Gure artean dagoeneko normala zen euskarazko nahiz katalanezko izenen erabilera dagozkien lurraldeetako mendiak izendatzeko eta, arrazoi beragatik, hain agerikoak izan ez diren asturiera, aragoiera eta okzitaniera bezalako hizkuntza komunitateen ondare diren izendapenek ere bide egin beharko dute aurrerantzean. Haien toponimiaren erabilera normalizatua izango da gailur horiek espontaneoki eta egiletasunik gabe bataiatu zituztenentzako omenaldirik onena, eta hizkuntza horiek erabiliz egin zuten, hizkuntza horiek zirelako ezagutzen zituzten bakarrak. Jakin ere badakigu geure aldetik ahalegintxo bat eskatuko duela horrek, baina auzoko kultura batzuetako zer edo zer ezagutzeko gozamena izango dugu baita, zergatik ez, apur bat gureak sentitzeko poztasuna ere.
Gailurren gero eta kokatze zehatzagoa nahiz zorrotzagoa da, bestalde, katalogoaren argitalpen honen beste berrikuntzetako bat. Iturri altimetriko orokor legez, Espainiako IGNren V.25000 eskalako MapaTopográfico Nacional delakoa erabili da, baita haren baliokide frantsesa ere. Gaur egun kartografia biak daude internet bidez eskuragarri eta era honetan espero dugu datuetan egonkortasun handiagoa lortzea, lekuan lekuko kartografietan bezain sarri ez dutelako berrargitalpenik egiten. Koordenatuak ere exhaustiboki birpasatu eta ED50 nahiz ETRS89 datum-etan eskainiko dira.
Beharbada berrikuntzarik deigarriena, ordea, lehengo mapa eskematiko probintzialen ordez, Euskal Herriko mapa topografiko bakar batez lagunduta etortzea izango da. Era berean, Iberiar Penintsulako mapa txikiago batean, modu grafikoan, katalogatutako kanpoko gailurrei dagozkien mendigune eta azpimendiguneen kokaeraren berri emango da.
Azkenik, katalogo berrituak lehiaketaren araudian egindako aldaketa xume batzuk ere jasotzen ditu, haren sortzezko helburuei esker izan zuen ospe ona berriro irabaz dezan: mendizaletasunean modu iraunkorrean jardutea, Euskal Herria bere osotasunean ezagutzea eta funts nahiz garrantzi nabarmeneko mendiak bisitatzea. Aldaketok apur bat murrizgarriak ematen badute ere, seguru gaude lehiaketaren ospea prestigiatzeko balioko dutela, baita Anaidiarena eta oinarrizko mendizaleen multzo eskergarena ere, azken finean, horixe delako gure jarduerak duen baliorik handiena. Mendizale horientzat da, izan ere, Euskal Herriko mendien katalogo berria.