EMF logoa

Pyrenaica

mendia ikonoaTatxamendien
Txokoa

Gaur leihotik begiratzen diet nire etxetik gertuen dauden mendiei, nire haienganako maitasuna nola hasi zen gogoratzen dudan bitartean. Nire gurasoak izan ziren, Valderejoko parke naturalerako lehen ibilaldi horiekin, gure mendietako bazter bakoitzak ezkutatzen duen edertasunaren berri eman zidatenak. Udazken betean koloretan lehertzen den basoa, udaberriaren urtzean bere urak hausten dituen ur-jauziaren burrunba, zuhaitzez zuhaitz jauzika ihes egiten duen urtxintxa… irteera bakoitza aurrekoaren abentura ezberdina zen eta guztietan zerbait berria ikasten nuen.

Horrela, nigan balio batzuk sortu zituzten, adiskidetasuna eta inguruarekiko maitasun eta errespetua; arrakasta izateko bete behar ditugun balioak, irteera errazenetik hasita, eskalada handietaraino, zenbaki honetan jorratuko dugun Dorje Lakpa mendiarena bezala. Urte batzuk geroago, mendi-ibiliak eta mendiarekin lotutako beste hainbat kirol praktikatzera eraman ninduten balio horiek. Eta federatzea erabaki nuen, eta Pyrenaica aldizkaria etorri zitzaidan etxera. Harekin batera, garai hartan imajinatu ere egiten ez nituen lekuak aurkitu nituen; filmatu daitekeen fantasiazko filmik onenaren eszenatoki duinak iruditzen zitzaizkidan. Besteak beste, Larhun mendiaren itzalpean dagoen Xareta bailara ederra, edo Asoneko mendien parke natural magiko eta bakartia.

Hiru hilean behin, argitalpen-data hurbiltzen ari zela nekienean, etxera sartzean irrikaz hurbiltzen nintzen postontzira aldizkariaren bila. Ez bazegoen, gogoa moteltzen zitzaidan, baina iristen zenean, berehala begiztatzen nuen, artikuluak nire interesaren arabera sailkatu eta, horrela, irteera berrietarako ideiak hartzeko asmoz. Urte asko daramatzat Pyrenaica jasotzen, eta urte horietan garaiaren arabera eboluzionatzen ikusi dut, eta hori da eta izan behar du gure erronka nagusia datozen urteetan: aldizkaria garai berrietara egokitzea eta aldizkariaren existentzia ziurtatzea. Garai nahasiak bizi ditugu, oraindik ere gogoan dugu ez dela amaitu etxetik hurbilen ditugun mendietan giltzapetu gintuen pandemia, eta ia honetatik libratu gabe, munduko ekonomiari eragin dion gatazka batean sartu gara, inorentzat oharkabean pasatu ez dena, ezta Pyrenaicarentzat ere.

Baina mendiak, gure mendi maiteak, beti egongo dira gure zain. Gure askatasunaren eta gure barne bakearen babesleku, haiek dira ahazten eta amesten laguntzen digutenak. Zenbaki honetan, urrutiko tokiekin ere amestu ahal izango dugu, hala nola Mendi Harritsuekin, edo Larrako lurpeko munduan murgildu. Aldizkari hau zuen eskuetan daukazuen bitartean, sofan eseri, zuen buruak oinazetzen dituzten kezka guztiak ahaztu eta artikulu hauetako bakoitzaren irakurketarekin hain bake handia ematen diguten mendietara bidaiatzera gonbidatzen zaituztet.

Beraz, zenbaki honetaz nik beti egin dudan bezainbeste goza dezazuen eta, bere irakurketaren ondorioz egiten duzuen irteera bakoitzean, herri-esaera ezagunaren hitzak ahaztu ez ditzazuen espero dut: «Zaindu maite duzun hori».

Ruiz Rotaeche "Rota", Ivan

Pyrenaica revista

Pyrenaica 287 (2022)

Aldizkaria ikusi

Laguntzaileak

Euskal Herriko Mendizale Federazioa logoa
Euskal Mendizale Federazioa
Arabako Mendizale Federazioa logoa
Arabako Mendizaleen Federazioa
Federación Vizcaína de Montaña logoa
Bizkaiko Mendizale Federazioa
Federación Guipuzcoana de Montaña logoa
Gipuzkoako Mendizale Federazioa
Federación Navarra de Deportes de Montaña y Escalada logoa
Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundea