EMF logoa

Pyrenaica

mendia ikonoaTatxamendien
Txokoa

2023a izan da ziurrenik, adituen arabera, azken 100.000 urteetako beroena, aurrekoak baino ia 1,5ºC beroagoa. Hori nahikoa ez, eta adituen arabera marka hori gainditzeko arriskua dago: zenbait iragarpenek diote 2024a beroagoa izan daitekeela, eta horrek ondorio larri eta itzulezinak ekar ditzakeela.

Aldaketa klimatikoa jada ez da etorkizuneko erronka bat; planetaren berotzea gauzatzen ari da: poloetako izotz erreserbetan urtze zantzuak daude, eta hain urrun joan gabe, Pirinioetako azken urteetako glaziarren gainbehera eta elur falta geure begiradapean bizitzen ari gara.

Azken mendean izan dira aldaketa nabarmenenak, gizartearen eta  industriaren garapenaz bat. Jada 2000. urtean, Paul Crutzenek, 1995eko kimikako nobel saridunak, antropozeno terminoa sortu zuen gure aroa izendatzeko; Lurrean gizakiak duen inpaktua izendatzeko. Kontua da, zein den gure jarrera prozesu horren guztiaren aurrean; kontua da, gure bizimodu eta ohiturak planetaren beharretara moldatzeko prest ote gauden, eta ez alderantziz.

Gizarteaz bat, mendiko jarduerak ulertzeko modua ere asko aldatu da azken mendean. Euskal Herrian, naturarekiko harremana belaunaldiz belaunaldi jaso izan dugu; bizilagun askoren bizimoduaren oinarri izan da nolabait. Egun, ordea, batzuentzat kirol soila da, bereziki errendimendua lehenetsiz. Aitzitik, mendizaletasuna hain berezi egin izan duten ezaugarri eta balioak galtzen ari dela esaten duenik ere bada.

Gehienok herri eta hiriguneetan bizi garen honetan, egunerokotasuna abiadura betean bizi dugu, teknologia berriei atxikirik. Askotan, hausnartzeko betarik gabe, eta natura ingurunetik urrun. Are gehiago, esango nuke gazte askok ez dutela natura ingurunearekin ia inolako harremanik, eta horrek Maurice Herzog himalaismoaren aitzindariaren hitzak dakarzkit burura, “zerbait maitatzeko, lehenik eta behin ezagutu egin behar da”.

Euskal Herriko Mendi Federazioa sortu zenetik ere ehun urte beteko dira aurten. Federacion Vasco-Navarra de Alpinismo izenarekin sortu zen, Elgetan, 1924ko Maiatzaren 18an. Mende oso bat mendiko kirola sustatzen; hain kuttunak ditugun kirolak hezurmamitzen; mendiko jarduerak zurkaizten. Ez da ahuntzaren gau erdiko eztula. Horren harira, Federazioak hainbat ekintza eta ospakizun antolatu ditu zazpi herrialdeetako mendi-taldeen laguntzaz; Euskal Herri osoko mendizale eta boluntarioak izango dira parte hartzen. 2024a, beraz, ekintza gogoangarriz josia izango dugu. Esan gabe doa badugula zer ospatua, baina, ahaztu gabe badugula zer hausnartua.

Gonzalez Lertxundi, Ioritz

Pyrenaica revista

Pyrenaica 294 (2024)

Aldizkaria ikusi

Babesleak

Laguntzaileak

Euskal Herriko Mendizale Federazioa logoa
Euskal Mendizale Federazioa
Arabako Mendizale Federazioa logoa
Arabako Mendizaleen Federazioa
Federación Vizcaína de Montaña logoa
Bizkaiko Mendizale Federazioa
Federación Guipuzcoana de Montaña logoa
Gipuzkoako Mendizale Federazioa
Federación Navarra de Deportes de Montaña y Escalada logoa
Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundea